#AzkenIndioak

Berriak / Noticias / News / Notícies
29 gener 2019
gatibu-blog-azken-indioak-astra-gernika-gatiburen-kuttunenak

Gatiburen kuttunenak

Hizkuntza: euskara | Itzulpena: ez du.
Gatibu.

Ondo dakizunez, urte hasiera honetan Azken Indioak diskoaren promozioan murgilduta gabiltza buru-belarri. Kontzertuak Euskal Herriko areto batzuetan eskainiz (sarrerak agortuz euretariko askotan), ahal ditugun komunikabide gehienei erantzuten saiatuz, jaialdietan partaidetza konfirmatuz, birako agenda Espainiako kontzertuekin handiagotuz, diskoak sinatuz, eta abar. 7K-rako Iker Bizkarguenagak eta Conny Beyreutherrek landutako erreportajean esaten genuen bezala: «Zer gehiago nahi dugu? Loteria tokatzea? Nola begiratuko dugu atzera, taldea gero eta hobeto badago?».

«Zein da Gatiburen arrakastaren formula?», «Kontzertuetan jotzen dituzuen abesti guztiak… hit hutsak dira!», «Hitmaker-ak zarete…» edo «Gatiburen abesti guztiak oso itsaskorrak dira» bezalako galderak eta baieztapenak botatzen dizkigute sarri kazetariek elkarrizketetan. Gure konposatzeko jardunaren funtsa, egia esan, ez da hau aurkitzea, ez da nahita bilatzen gabiltzan emaitz bat. Haimarrek dioen bezala: «Gure musika entzutean izaten den sentsazioa ez da tristea, edo malenkoniatsua, ez da gauza astun bat. Gauza energikoa, alaia, koloretsua, argitasun handikoa izaten da. Mezu positiboa egoten da beti, hori da gure ardatza». Zorionekoak gara zalegoak eta kazetariek gure abestiekin sentitzen dutena beraiena egingo balute bezala esaten digutenean, gurekin partekatzea, etengabeko errepikapenetan izatea euren bizitzako melodietan.

Baina guk ere baditugu gure kuttunenak Gatiburen dikografian. Salto!, Gelditu zaitez, Euritan dantzan, Pailazo eta Urepel esaterako.

Salto! Single berria xumea da, garbia eta nortasun handiko mezua zabaltzen duena. Euritan dantzan beste adibide handi bat da, kantu borobila, bai estruktura eta konposizio aldetik, bai sonoritate aldetik daukan argitasunagatik eta baita hitzak dioenagatik. Adibidez Gelditu zaitezen hitza ere oso gustuko dugu kontatzen duenagatik, abestiak duen bizkortasuna eta aldi berean goxotasunak oso ondo islatzen dute kantuaren esentzia.

Eta badaude oraindik kontzertuetan jotzen ditugunetatik hunkitzen jarraitzen digutenak ere. Lorak eskeintzen, gure kantu mitiko bat, hitzek eta melodiek kantutzarra egin dute, nola ez, eta Apirilaren 27 edo Egun on, zirrara eragiten digutenak aldiro.

Diskografiako bestaldean aldiz baditugu sormenean gehien trabatu zaizkigunak ere, ez pentsa ogibide hau erraz egiten zaigunik! Kar, kar, kar… Nire ondoan baziña, Bang-bang txik-txiki bang-bang, Bizitzeko gogoa, Zeu, zeu, zeu! eta Aske maitte kantuak nahiko korapilatu zitzaizkigun iraganean, batzuk melodia aldetik eta beste batzuk hitzei dagokienez. Bakoitzak berea du. Berrienera joaz, Azken Indioak diskoari dagokionez, Ez naz makurtuko abestiak kolore eta erritmika desberdinak eskatzen dituen abesti puska bat da eta dantzarazi egiten zaituen erritmoen bilaketan eta asmatzeko eran oso zorrotza. Diskoa zarratzeko modu paregabea.

Ikusten duzunez, zuk bezala, guk ere baditugu gure kuttunenak. Gutxi balitz, zuzeneko emanaldietan aurkezten ditugunetan emozioa areagotzen laguntzen digutenak taula gainean.

Gatiburen Youtube kanala

Sartu eta harpidetu Gatiburen kanal ofizialera taldearen bideorik gal ez dezazun.
Youtube

 

FacebookGoogle+LinkedInPinterestTwitter