#AzkenIndioak

Berriak / Noticias / News / Notícies
27 febrer 2019
gatibu-blog-entsegua-gernika-kontzertu-baterako-planifikazio-egitaraua

Kontzertu baterako planifikazio egitaraua

Hizkuntza: euskara | Itzulpena: ez du.
Gatibu.

Pasadan otsailak 6an, NAIZ egunkari digitalak Gatiburen entsegu baten grabaketa zatitxo bat publikatu zuen bere plataforman Gotzon Aranburu kazetariaren kronika batekin. Sare sozialetako mezu pribatuen bidez eta kontzertu osteetako jarraitzaileekin ditugun hartu-emanetan, maiz agertzen dira kontzertu baterako planifikazio egitarauari buruzko galderei erantzun kuxkuxero baten bila edo dabiltzatenen asmo oneko galderak.

NAIZ-eko artikulu horren gaurkotasunaz baliatuz eta Gatiburen zalegoak sarri adierazitako nahia asetzeko asmoz, hark seguru eskertuko lituzkeen Gatiburen kontzertu bateko planifikazio egitarauari buruzko zertzelada batzuk idatziko dizkizugu ondorengo lerroetan.

Kontzertu bat zeruertzean dugunean, entseguekiko prestaketetan ez gara ohitzen astean behin Gernikako Iparragirre Rock Elkartean biltzen gareneko maiztasun hori alteratzen, bada kasuren bat edo beste bi edo hiru entsegu-egun burutu izan ditugula aste berean dena ongi baino hobeto prestatuta eraman nahi izan dugulako, baina ez da ohikoa gure kasuan.

Emanaldian zehazki jarraituko dugun abesti zerrenda edo setlist-a entseguko egunean bertan erabakitzen dugu taldekide guztion artean Haimarrek bere etxean prestatzeko erantzukizun hori hartzen ez duenean. Ondoren ezinbestekoa da soinu eta argiztapen teknikariei gidoi hau lehenbailehen helerazten saiatzea, beraiei dagokien lana denboraz prestatzen joan daitezen eta kontzertuaren emaitza nahi bezala neurtua irten dadin.

Denok koordinatzea nahitaezkoa da kontzertuaren planifikazioak ongi irten dezan.

Euskal Herrian jo beharreko kontzertuak direnean, hasiera ordua baino bost edo sei ordu arinago irteten da Gatiburen furgoneta backline osoarekin kargatuta eta beharrezko ditugun teknikari guztiekin. Musikariak aldiz, bi kotxetan mugitzen gara pixka bat beranduxeago, soinu frogetara justu iristeko. Kontzertua baino lau edo bost ordu arinago hasten dugu froga, guztira ordu t’erdian edo bi ordutan dena prest egon dadin. Lehenago irten ezean, ez dugu turismorako edo, kontzertua baino lehen, zalegoarekin izateko betarik aurkitzen.

Bazkari edo afari kontuak denok elkarrekin egitea atsegin dugu, jatetxeren batean propio mahai inguruan elkar bilduz edo janaria kamerinora eramanaz mugitzeko alferkerietan gabiltzanean. Jaki astunik kontsumitzea ez dugu gustuko eta alkohola guztiz saihestea zail den arren, neurritasunez gabiltza.

Zuk nahi duzun tokiraino jarraituko zintuzkeen estasia senti arazteraino.

Familia handia biltzen gara Gatiburen inguruan, roadie-ak edo pipa-k, soinu eta argiztapen teknikariak, merchandising-eko arduraduna, road manager-a, eta abar. Bai, talde handia gara, denok koordinatzea nahitaezkoa da kontzertuaren planifikazioak ongi irten dezan.

Saioa hasi aurreko taldekideen prestaketa pertsonalak ordubete arinago hasten ditugu kamerinoan: beroketa fisikoak, abesti batzuen berrikuspenak, giharrak egokitu, okasiorako jantzitegia jarri, komunera bidaiatxoren bat edo beste… Den dena ere ez dizugu kontatuko, ez? Ez dugu superstizio, mania edo fobia esanguratsurik. Beti inbaditzen gaitu artegatasun kontrolagarri batek. Kontrakoa zantzu latza litzateke, ez duzu uste? Baten bat lo kuluxka bat botatzeko gai ere bada! Kar, kar, kar.

Behin taulara igota, kontzertua hasten denean, urduritasuna badoa diluitzen pixkanaka gozamenari paso egiten joateko. Ez dakit jakitun zaren baina taula gainetik zalegoaren ekarpenarekin kutsatzea izugarrizko eta gogobeteko esperientzia bizigarria da. Zure burua zorioneko betetasun konstante bat kudeatzen balego bezala sentitzea. Zalegoaren sentimenduen kontrola zuk maneiatuko bazenu bezala, zuk nahi duzun tokiraino jarraituko zintuzkeen estasia senti arazteraino. Konexio handia somatzen dugu lehen lerroko zalego sutsutik hasita azkenengo lerroan aurkitzen den berotasuneraino. Kontzertu bakoitza energia eta emozio askoren isla izaten da Gatiburentzat.

Ez dugu superstizio, mania edo fobia esanguratsurik. Beti inbaditzen gaitu artegatasun kontrolagarri batek.

Emanaldia bukatzean bai izaten ditugula sentsazio kontra jarriak betetasun eta hutsune aldetik, maila berdinean biak. Ukaezina zaiguna neke fisikoa da, beti datorkigu bisitan kontzertu baten ostean, Gaizkari batez ere, nola ez. Emozio eta sentsazio fisikoen koktel guzti hau beti dugu presente kamerinoan, dena eman dugunaren seinale eta hobeto egin nahiko genukeenarena ere, musikalki gustatu ez zaizkigun apunteak komentatzen ditugunean bozkario pasarteekin batera.

Kamerinoan indarrak berreskuratu eta instrumentuak batu ondoren zalegoarengana jaistea asko gustatzen zaigu taldean, sinadurak, solasaldiak, emozioak eta argazkiak partekatzeko (hurrengo eguneko kontzertu edo komunikabide saio goiztiar baten konpromisoak galarazten ez badigu behintzat). Guk asko eskertzen dugu… eta zalegoak askoz gehiago! Garrantzitsua da feedback hori edukitzea musika talde batentzat. Ez dakizu zein neurritan!

Eta azkenik, kontzertu bateko planifikazio egitarauak ez dioenarekin eta tupustean gauak eskaintzen dizkigun bekatuekin limurtu nahian ibiltzen gara. Urteak pasatu ahala baretu egin gara asko denok, baina noizean behin egiten dugu halako ihesaldiren bat edo beste, gorputzak oraindik eskatu egiten digu eta, zer demontre!

Gatiburen denda ofiziala

Kontzertu baten ez duzu taldeari buruzko artikuluren bat erosteko aukerarik izan? Sartu gure dendara eta aprobetxatu zerbait erosteko agortu baino lehen.
Sartu

 

FacebookGoogle+LinkedInPinterestTwitter